Nire fedea Jesusengan jarri berri dut…eta orain zer?




Nire fedea Jesusengan jarri berri dut…eta orain zer?

Zorionak! Zure bizitza aldatuko duen erabaki bat hartu duzu! Agian galdera hau datorkizu burura: “Eta orain zer? Nola eman behar diot hasiera Jainkoaren ondoan egitera noan bidaia honi?” Behean aipatzen diren bost pausuetan Bibliatik jasotako aholkuak topatuko dituzu. Zure bidaian zehar zalantzak eta galderak sortzen zaizkizunean, mesedez bisitatu ezazu www.GotQuestions.org/euskara.

1. Ziurtatu salbazioaren esanahia ulertu duzula.

1 Joan 5:13-k zera esaten digu, “Nik idatzi hauek Jainkoaren Semearen izenean sinesten duzuen horientzat egin ditut, betiereko bizitza izango duzuela jakin dezazuen.” Jainkoak guk salbazioa ulertzea nahi du. Jainkoak ziur salbatuko garela konfiantzaz sinetsi dezagun nahi du. Ikus ditzagun modu laburrean salbazioaren gakoak:

(a) Denok egin dugu bekatu. Denok egin ditugu Jainkoarentzat mingarri diren gauzak (Erromatarrei 3:23).

(b) Bekatu egin dugulako Jainkoarengandik betirako aldenduz zigortuak izatea merezi dugu (Erromatarrei 6:23).

(d) Jesus gurutzean hil zen gure bekatuak ordaintzeko (Erromatarrei 5:8; 2 Korrintiarrei 5:21). Jesus gure ordez hil zen, guk merezi genuen zigorra bereganatuz. Jesusen berpizkundeak, Haren heriotza gure bekatuak garbitzeko nahikoa izan zela frogatzen du.

(e) Jainkoak barkamena eta salbazioa ziurtatzen du Jesusengan sinesten duten guztientzat – Haren heriotza gure bekatuen ordaina dela sinesten dutenentzat (Joan 3:16; Erromatarrei 5:1; Erromatarrei 8:1).

Hau salbazioaren mezua da! Zure fedea Jesukristorengan jarriz gero, Jesus zure salbatzailea dela onartuz, salbu zara! Zure bekatu guztiak barkatuko zaizkizu eta Jainkoak inoiz ez zaitu bertan behera utziko (Erromatarrei 8:38-39; Mateo 28:20). Gogoan izan, zure salbazioa ziurtatua dago Jesukristoren bidez (Joan 10:28-29). Jesus salbatzailea dela sinesten baduzu lasai egon zaitezke, Jainkoarekin zeruan betiererako egongo baitzara!

2. Aurkitu ezazu Biblia irakasten duen eliza on bat.

Ez ezazu eliza eraikuntza fisiko bat bakarrik balitz bezala begiratu. Eliza jendea da. Oso garrantzitsua da Jesukristoren sinesdunek elkar laguntzea. Hau da elizaren helburu nagusia. Behin zure fedea Jesukristorengan jarri duzunean, zure ingurunean Biblia jarraitzen duen eliza bat aurkitu eta hango artzainarekin hitz egitea gomendatzen dizugu. Jakinarazi iezaiozu zure fedea Jesukristorengan jarri berri duzula.

Elizaren bigarren helburua Biblia irakastea da. Jainkoaren argibideak zure bizitzara nola moldatu irakatsiko dizu. Bibliaren ulermena kristautasunean bizitzeko gakoa da. 2 Timoteo 3:16-17-k dio, “Liburu Saindua Jainkoarengandik dator bere osotasunean eta irakaskuntzarako oso baliogarria da, zuzentasunera bultzatuz eta horretarako trebatuz, Jainkoaren gizonak lan onak burutzeko prest egon daitezen.”

Elizaren hirugarren helburua gurtzea da. Gurtzea Jainkoari gugatik egin duen guztiagatik eskerrak ematea da! Jainkoak salbatu egin gaitu. Jainkoak maite gaitu. Jainkoak behar dugunaz hornitzen gaitu. Jainkoak gidatu eta zuzendu egiten gaitu. Nola ez dizkiogu ba eskerrak emango? Jainkoa bedeinkatua da, zuzena, maitagarria, errukiorra, eta graziaz betea! Apokalipsia 4:11-k aldarrikatzen du: “Zuk, gure Jaun eta Jainkoak, aintza, ohorea eta boterea jasotzea merezi duzu, sortu dituzun gauzagatik, eta borondate onez sortu dituzulako.”

3. Eskaini egunero tarte bat Jainkoari.

Guretzat oso garratzitsua da egunero denbora tarte bat Jainkoari eskaintzea. Batzuk tarte honi “une lasaia” deitzen diote. Beste batzuk “debozioa”, izan ere hau baita Jainkoari eskainitako gure egunaren atala. Badira denbora hau goizez igarotzea gogoko dutenak, beste batzuk arratsa nahiago duten bezala. Ez dio axola zein izen ematen diozun edo noiz hartzen duzun tarte hau. Jainkoarekin sarritan egotea da garrantzitsua. Zein dira Jainkoarekin gaudenean egiten ditugun gauzak?

(a) Otoitza. Otoitz egitea Jainkoarekin hitz egitea besterik ez da. Zure arazo, ardura eta zalantzetaz Jainkoarekin hitz egitea. Jainkoari bere jakituria eta gidaritza eskatzea. Jainkoari zure beharrak asetzeko eskatzea. Jainkoari zenbat maite duzun eta zugatik egindakoa zenbat eskertzen duzun jakinaraztea. Hauxe da otoitz egitea.

(b) Bibliaren irakurketa. Biblia mezetan, katekesian edo bestelako taldeetan ikasteaz gain, bakarka irakurtzea ere beharrezkoa da. Bizitza kristau egokia lortzeko jakin behar duzun guztia Biblian ikasi dezakezu. Erabaki zuhurrak hartzeko gida bat da, Jainkoaren borondatea ezagutzeko, ingurkoei laguntzeko, eta espiritualki hazteko gakoak emanaz. Biblia Jainkoak zuzentzen digun Hitza da. Biblia, gure bizitza Jainkoak nahi duen bezala eta guri komeni zaigun bezala nola bizi behar dugun dioen argibide liburua da.

4. Espiritualki lagun zaitzaken jendearekin harremanak eraiki.

1 Korintiarrei 15:33-k dioenez, “Ez zaite alperrik galdu: ‘Lagun txarrek izaera ona gaiztotzen dute’.’” Biblia jende “txarra”-k gugan duen eragina aipatzen duten oharrez beterik dago. Bekatudun ekintzetan murgiltzen gaituztenekin egoteak bekatua egitera bultzatuko gaitu. Ingurukoen izaerak gugan eragina du. Horregatik da hain garrantzitsua Jauna maite eta gurtzen duen jendeaz inguratzea.

Saiatu lagundu eta indartu zaitzaketen adiskide pare bat bilatzen, agian elizan topatuko dituzu (Hebrearrei 3:13; 10:24). Esan adiskide horiei zuri kontuak eskatzeko, “debozioari” buruzko kontuak, edo zure ekintzei buruzkoak, eta Jainkoaren bidean mantentzen zaren begiratzeko. Esan iezaiezu baita, zuk ere eurei berdina eskatuko diezula. Honek ez du esan nahi Jainkoarengan sinesten ez duten lagunik eduki ezin duzunik. Jarraitu euren laguna izaten eta maitatu itzazu. Baina esan hauei Jesusek zure bizitza aldatu duela eta ezin dituzula lehen egiten zenituen gauza guztiak egin hemendik aurrera. Eta eska iezaiozu Jainkoari zure lagun hauekin Jesus bizitzeko aukera emateko.

5. Bataiatu.

Jende askok gaizki ulertzen du bataioa. “Bataiatu” hitzak urperatu, burua uretan sartu esan nahi du. Bataioa, Kristorenganako fedea eta Haren jarraitzailea izateko erabakia publikoki aldarrikatzeko Bibliak proposatzen duen modua da. Urperatzeak sinbolikoki Jainkoarekin bateratu garela irudikatzen du. Uretatik irteteak berriz, Kristoren berpizkundea irudikatzen du. Bataiatua izatea, Jesusen heriotza, ehorzketa eta berpizkundearekin identifikatzea da. (Erromatarrei 6:3-4).

Ez da bataioa salbatuko zaituena. Bataioak ez ditu zure bekatuak garbituko. Bataioa, mendekotasunez ematen den pausua, Kristorekiko zure fedearen aldarrikapen publikoa besterik ez da. Bataioa, gure obedientziaren erakusgarri delako da garrantzitsua – Kristorenganako gure fedearen eta betekizunen aldarrikapen publikoa delako. Bataiatua izateko prest bazaude, elizako artzain batekin hitz egin beharko zenuke.



Itzuli euskarazko orri nagusira



Nire fedea Jesusengan jarri berri dut…eta orain zer?